Animalientzako produktuen gune berria Kimu Baten

Zeini ez zaio gustatzen epel egotea? Eta otordu goxoez disfrutatzea? Nork ez du osasuntsu bizi nahi? Eta ondo pasa? Ondo bizitzea da animali guztion desira. Horregatik, 'Guztiok animali' lelopean, gure etxeko lagun iletsu, lumadun eta ezkatadunentzako produktuen gune berria, 130 metro koadroko espazioa, ezagutarazteko festa antolatu du Kimu Batek. Martxoaren 17an, larunbata, haur eta helduei zuzendutako jaialdia ospatuko da Azpeitiko enpresak Urrestilla bidean kokatutako garden-ean, eta ongi etorriak izango dira etxeko laguntxoak. 
 
Egun horretan bertaratzen direnek %25eko beherapena izango dute animalien txokoko produktu orotan. Gainera, ekitaldi anitzez gozatzeko aukera izango da. Goizeko 11:00etan, txakurkumeen heziketari buruzko gakoak eta teknikak eskainiko dituzte Ingravity Dreams enpresako Iñaki Carretero eta Vicente Martinez hizlariek, ordu eta erdiko saioan. Carretero eta Martinez adituak dira animalien osasun arloan. Gure laguntxoak osasuntsu mantentzeko fisioterapia, hidroterapia eta akupuntura teknikak erabiltzen dituzte, eta elikagai naturalen inguruan adituak dira.
 
Bazkalondoan, txakurren trebetasun erakustaldia gauzatuko da Kimu Baten kanpo instalazioetan, 15:30ean. Zakurrak osasuntsu mantentzeko ariketa fisikoekin garatzen diren estimulu kognitiboen garrantzia azpimarratzen da horrelako ekimenetan. 
Ondoren, 17:00etatik aurrera, haurrentzako tailer eta jolasak izango dira, animalien gaiari lotuta. Eta festa zapore ezin hobearekin amaitzeko, txokolatada ederra dastatzeko aukera izango da.
 
Kimu Bat gardenera hurbiltzen direnek animalien elikadurarekin, zainketarekin, konfortarekin eta garbitasunarekin loturiko produktuen eskaintza zabala topatuko dute: kalitatezko elikagaiak, pentsuak, haziak, arropa eta osagarriak, etxetxoak, jostailuak, kuxin eta oheak, hortz eta gorputz garbitasunerako tresnak, eta abar. 
 
27 urte erronkaz erronka
 
Gure ibilbidea duela 27 urte hasi genuen, paisajismoaren eta lorezaintzaren munduan. Hasieratik izan dugun izaera kooperatiboari helduz, duela urte batzuk lan-sozietate bilakatu ginen. Ingurumena eta paisaia zaintzeko proiektuak garatu eta eragile anitzekin elkarlana sustatzen dugu Kimu Baten. Lorezaintzarekin eta paisaiarekin loturiko proiektuez gain, baratzegintzaren arloan eskarmentu handia daukagu, baita ureztatze sistema, igerileku natural eta fitoarazteka putzuen garapenean ere.
 
Urrestilla bidean dagoen gardena 2016an inauguratu genuen, guztiz eraberrituta, lorezaintzarako, baratzerako eta lorategi nahiz terrazen dekoraziorako produktuen eskaintza zabalarekin. Gainera, espazio berezi bat sortu dugu gertuko ekoizleek landutako artisau-elikagaiekin. Orain, berriz, hedatu egin dugu dendaren azalera, animalientzako eskaintza barneratuz.

Volver