Igerileku naturalak

Igerileku naturalak

Udan igeri, neguan lorategi

Igerileku naturalak, bere horretan, Austrian asmatu zituzten. Aspertuak zeuden betiko igerilekuak urtean hilabete batzuetan bakarrik erabiltzeaz, eta gero, urtean zehar, erakargarritasun handirik ez izateaz; eta, gainera, mantentze-lanak egin beharraz. Horregatik guztiagatik, bizi garen lurraldean, ohiko igerilekuen ordezko ezin hobeak dira igerileku naturalak. Horrela, ur-lamina erakargarri bat izan ahalko dugu urte osoan, eta eguraldiak horretarako aukera ematen digunean, bertan bainatu ahal izango gara, gehigarri kimikorik gabe. Horrez gain, gure lorategira fauna mesedegarria (txoriak, sorgin-orratzak...) erakarriko duen elementu bat da igerilekua, eta gure aisialdi-gune horri plus ekologikoa ematen dio.
 
Igerileku naturala fitoarazketan oinarritzen da: uretako landareek azkartu egiten dute mikroorganismo onurragarrien hazkundea, eta horiek oxigenatu eta garbitu egiten dute ura, deskonposatu egiten baitituzte hondakin organiko guztiak, eta horiek elikagai bihurtzen dira berriro landareentzat. Aldi berean, hartxintxarrak iragazki natural moduan jokatzen du, suspentsioan dauden partikulei eutsiz. Prozesu natural hau, normalean, inpultsio-zirkuitu batekin eta iragazte-zirkuitu batekin jarri ohi da.
 
Kontuan izan behar da ohiko igerileku kimiko bat igerileku natural bihur daitekeela, honek dakartzan onura guztiekin. Nahikoa izango litzateke arazketa gune bat jartzearekin, ontzian bertan edo kanpoan jar daitekeena, arazketa-sistema kenduz eta horren ordez iragazte- sistema bat jarriz.

Abantailak:

  • Ez da kimikorik erabiltzen uraren tratamenduan. Azala eta begiak babesten dira horrela.  

  • Igerilekua da udan eta lorategia urte osoan zehar. Erakargarria da urte osoan zehar: neguan ez da estali beharrik, ura ez baita usteltzen. 

  • Lorategiarekin integratzen den egitura organikoa. 

  • Uraren tenperatura ohiko igerilekuetan baino altuagoa da. Beraz, bainua hartzeko saioa luzatu egiten da. 

  • Mantentzeko erraza da, eta normalean ez da kanpoko laguntzarik behar izaten.

  • Ez da hustu beharrik; ez da komeni, gainera. 

  • Epe luzera, ekonomikoagoa da. 

  • Fitoarazketan oinarritzen da: legarraren gainean dauden landareek iragazi egiten dute ura, baita oxigenatu eta konposatu organikoak ezabatu ere. Ura arazten duten mikroorganismoak agertzea ahalbidetzen du igerileku mota honek.

  • Igerileku konbentzionala natural bilaka daiteke.