Txakurren heziketarako oinarrizko ikastaroa

Kimu Bat dendan sortutako animalien txokoaren harira, txakurren heziketarako oinarrizko ikastaroa antolatu du Azpeitiko enpresak. Datorren uztailaren 14an gauzatuko da saioa, 10:00etatik 12:30era, Garden-ean. Animaliak ere parte hartzera gonbidatuak daude.
 
Kimu Bateko kolaboratzaileak diren Asier Aranbarri eta Iñaki Mantzisidor adituen eskutik, etxeko lagun iletsua hezteko oinarrizko gaitasunak landuko dituzte bertaratuek. Animaliaren portaera okerrak aztertu eta horiei aurre egiteko neurriak aurkeztuko dituzte hizlariek, erakustaldi praktiko batekin. Bestalde, txakurraren jokaera egokiak identifikatzen ikasiko dute parte-hartzaileek, baita txakurrak modu egokian saritzen ere.  
 
Doako ikastaro hau udazkenetik aurrera eskainiko diren prestakuntza-saioen sarrerako gaia izango da. Hurrengo hilabeteetan burutuko diren saioetan animalien heziketari buruzko informazio zehatzagoa eskainiko dute prestatzaileek.
 
Plazak mugatuak direnez, beharrezkoa da lekua erreserbatzea 943 15 00 85 telefono zenbakira deituz edo kimubat@kimubat.com helbidera maila bidaliz.

 

Volver