Ondo pentsatu zure terrazaren diseinua

 
Landareak, loreontziak edo zure terrazarako edozer gauza erosi aurretik, espazioa nola diseinatu nahi duzun pentsatu behar duzu. Batez ere, pisu batean bizi bazara. Ondo diseinatuta dagoen terraza batek aukera asko eskainiko dizkizu. Hona hemen gomendio batzuk.
 
Lehenik eta behin, solairuaren erresistentzia nolakoa den jakin behar duzu. Zure terraza beste pisu baten gainean badago, erresistentzia jakitea ezinbestekoa da. Izan ere, horren arabera aukeratuko dituzu loreontzien neurriak (tamaina eta edukiera). Gero eta handiagoa izan loreontzia, gero eta pisutsuagoa izango da. Substratuz beterik egongo dela hartu behar duzu kontuan eta, hezetasuna badute, oraindik gehiago pisatuko dutela. Beraz, loreontzi handiak nahi badituzu, gomendagarria litzateke pisuaren aldetik arinak izatea. Bestela, oso pisutsua ez den substratua erosi dezakezu. Gogoratu landarearen tamaina loreontziaren tamainaren araberakoa izango dela. Loreontziak terrazan jartzeko orduan, kontuan eduki solairuaren parterik sendoenak muturrean eta etxeari itsatsita daudenak direla. Ez da gomendagarria solairuaren erdigunean pisua duten gauzak jartzea. Bestalde, barandan loreontziak jarri nahi badituzu, honen erresistentzia frogatu beharko duzu aurretik. 
 
Komenigarria da krokis bat marraztea, espazioaren neurriak kontuan hartzeko, eta loreontziak terrazan zehar behar bezala kokatzeko. Honela, zenbat elementu jarriko dituzun eta horiek nolako tamaina izango duten kalkulatzeko gai izango zara. Horrez gain, eguzkia nondik sartzen den eta nondik ateratzen den hartu beharko duzu kontuan. Izan ere, landareak ipini aurretik, terrazan eguzkiak nola jotzen duen jakin behar duzu. Terraza mendebaldera zuzenduta badago, eguzkiak asko joko dio, batez ere udan eta intsolazio-maila handia sor daiteke. Iparraldera zuzenduta badago, aldiz, kontrakoa gertatutako da eta terraza leku ospela izango da. Hala, hegoaldea eta ekialdea dira norabide egokienak. Informazio hau lagungarria izango zaizu landareak aukeratzeko orduan. 
 
Estiloari dagokionean, estilo klasikoa beti dotore gelditzen da. Aldiz, zure terraza txikiago bada, komenigarriagoa litzateke estilo modernoagoa aukeratzea, diseinua sinpleagoa eta arinagoa delako. Material, landare eta kolore ezberdinak nahastea ez da lan erraza izaten. Horregatik, sinpletasuna gomendatzen da beti.  
 
Iturria: Jardinarium
 

 

Volver