Ingurumena eta hezkuntza uztartzen dituzten proiektuak aurkeztu ditu Kimu Batek 25. urteurrenean

Kimu Bat lan-sozietateak ingurumenaren aldeko proiektuak eta lorezaintza-zentro berria aurkeztu ditu 25. urteurrenean. Azpeitian dituen instalazioak eraldatu ditu, ingurumen eta bioaniztasun gaiak lantzeko espazio didaktikoak sortuz eta lorategirako eta baratzerako produktuak eskaintzen dituen denda goitik behera eraberrituz. 
 
Gaur goizean egindako inaugurazio ekitaldi ofizialean, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak azpimarratu du Kimu Bat bezalako proiektuak "argi izpia" direla krisialdi garaietan. Azpeitiarrentzat "harro" egoteko moduko enpresa dela adierazi du, "gauzak ondo nola egin" erakusten baitu. Kimu Bat gizarte-ekonomiaren sektorean barneratu izana eta balio horiek bere eguneroko lanean islatzea ere txalotu du. Langileek enpresaren erabakietan eta jabetzan duten parte-hartzea eredugarria dela esan du, baita lantaldeak herrigintzaren alde egiten duen ekarpena ere, "auzolanak eta zuhaitz landaketak dinamizatzen jarduten baitute lanorduz kanpo". Bestalde, enpresa ugari atzerrian hedatzeko xedearekin diharduten bitartean, Kimu Batek bertako pertsonen eta proiektuen alde aritzeko apustua egin izana goraipatu du. 
 
Kimu Baten fundatzaileetakoa den Mitxel Igarataundik aitortu du ez zutela inoiz pentsatu enpresa horrenbeste haziko zenik, eta oso pozik daudela egungo 20 lagunetik gorako lantalde "gazte eta ausartarekin". Igarataundiren hitzetan, Kimu Batek hasieratik izan du izaera kooperatiboa, eta duela bi urte oinarri horretan sakontzeko apustua egin zuten lan-sozietate bilakatuz. "Momentu zailak pasa ditugu krisialdiarekin, baina elkarri lagunduz aurre egiteko gai izan gara", erantsi du.
 

Ingurumena babesteko proiektuak 

Ingurumenarekiko duten arduraren adibidea da Kimu Baten bertan eratu dituzten fitoarazketarako putzu mota ezberdinak, hezegune naturalen eredua jarraituz enpresak sortzen dituen hondakin-urak garbitzeko balio dutenak. Bestetik, euri urak biltzeko fitoarazketan oinarrituriko ur putzu naturalizatu bat ere sortu dute. Horrela, Kimu Bateko ziklo hidrikoa ixten dute, 0 hondakin sortzea lortuz eta bertako ureztaketa-beharrak asez. Arazketa sistema horren funtzionamendu egokia ikusita, "beste gune batzuetan ezartzeko aukerak aztertzeko asmoa" dutela jakinarazi du Iker Goikoetxea teknikariak.
 
Halaber, putzuen ondoan, ur-ponpaketako sistema babesteko estalpe landareduna eraiki dute. Etxolatxo hori berriki sortu dute, Fraisoroko, Kabiako eta Ari arkitekturako lagunekin elkarlanean, bioeraikuntzako jakintza ezberdinak hedatzeko antolatutako hainbat ikastaro eta auzolanetan. Paisaiarekin eta naturarekin harreman iraunkorragoa lantzeko xedea du ekimen horrek.
 
Aipatzekoa da, gainera, landare bizikorretan oinarritutako lorategia ere eratu dutela. Horrela, Kimu Bateko instalazioetan bioaniztasuna indartzeaz gain, lorezaintza-eredu jasangarriagoaren inguruan ikasteko eremua ezarri dute. 
 

Nekazaritza ekologikoaren sustatzaile

Paisajismoaren eta baratzegintzaren sektorean duen eskarmentu handia konpromiso sozialeko kutsua duten hainbat proiekturen zerbitzura jarri nahi izan du Kimu Batek. Horren erakusle nabarmena da Hernanin duela bi urte abiarazitako Karabeleko ekonekazaritza etxaldea. Agifes elkartearekin eta Blasenea mintegiarekin elkarlanean bultzatutako etxalde esperimentala aurrendaria da kantauriar isurialdean, nekazaritza ekologikoaren arloan; eta helburu ditu elikadura subiranotasuna, geure baratzeetako biodibertsitatea eta elikadura ekologikoa suspertzea. Gainera, kolektibo berezien gizarteratzea sustatzeko lana egiten da etxalde horretan. Errehabilitazio psikosozialeko programak gauzatzen dituzte bertan buru gaixotasuna duten pertsonek, Agifes elkartearen eskutik, eta Martuteneko kartzelan dauden pertsonen ere laguntzen dute baratze-lanetan Iresgi elkartearen bitartez. 
 
Horrez gain, Kutxa Ekogunearen babesarekin, Gipuzkoako baratze-parke guztietara iristen da Furgobaratza, baratzezaintza ekologikoaren inguruko prestakuntza eskaintzeko eta hazi eta landare anitz banatzeko.
 

Gardenfest jaialdia

Paisajismo zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa honen 25. urteurrena ospatu eta lorezaintza-zentro berria aurkezte aldera, datorren apirilaren 30ean Gardenfest jaialdia egingo dute Azpeitiko instalazioetan. Barbakoa, zozketak, haurrentzako tailerrak eta txokolatada egingo dira, baita %25eko deskontua ere dendako produktuetan. Goizeko 11:00etatik 13etara barbakoa eta zozketak egingo dira, eta arratsaldez, 16:00etatik 18:00etara, haurrentzako ekintzak. 
 
Garden berrian lorezaintzarako, baratzerako eta lorategi nahiz terrazen dekoraziorako produktu eskaintza zabala dago. Gainera, Kimu Batek bertako elikagaien eta produktu ekologikoen inguruan duen ardurari eta konpromisoari helduz, espazio berezia izango da dendan gertuko ekoizleek landutako artisau-elikagaiak, ekologikoak eta kalitate gorenekoak, salmentan jartzeko.
 

Itzuli

Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak aditzera eman du Kimu Bat enpresa "eredugarria" dela, gizarte-ekonomiaren eta herrigintzaren alde apustu egiteagatik
 
Lan-sozietateak Azpeitian dituen instalazioak eraldatu eta ingurumen eta bioaniztasun gaiak lantzeko espazio didaktikoak sortu dituzte 
 
25. urteurrena eta lorezaintza-zentro berriaren inaugurazioa ospatzeko, Gardenfest jaialdia egingo dute apirilaren 30ean