Krisantemoak: ezinbestekoak udazkenean eta Santu Guztietako Egunean protagonistak

Krisantemoak naturaren benetako ikuskizuna dira, euren kolore sorta biziari eta udazkeneko loraldiari esker. Ohituraz Santu Guztien egunarekin lotzen ditugu, baina loratzeko garaiagatik da. Lore hauek oso estimatuak dira mundu osoan, lorategiak eta etxeak apaindu ez ezik, kultura askotan esanahi berezia ere badute. Artikulu honetan krisantemoei buruz askoz gehiago jakingo duzu.

 

Krisantemoa Asterazeoen familikoa da, eta bere izena grezieratik dator: “chrysos” hitzak urrea esan nahi du eta “anthemos” hitzak lorea. 200 krisantemo mota baino gehiago daude, eta bereziki loren formaren arabera bereizten dira: batzuk sinpleak dira, bikoitzak, borlak, anemona, armiarma, eta beste hainbat mota ere badaude.

Ezaugarri hauek ditu, besteak beste:

  • Kolore askotarikoak: krisantemoak kolore sorta zabalean loratzen dira, zuria, horia eta gorria, morea eta arrosa, edozein dekorazio edo girotarako lore egokiak. 
  • Loraldia udazkenean: beste landare asko udaberrian edo udan loratzen diren bitartean, krisantemoak udazkenean iristen dira ederrenetara, eta horregatik dira urte-sasoi honen ikur.  
  • Iraunkortasuna: lore sendo eta iraunkorrak dira, bai lorategietan bai lore-konposizioetan, eta aste batzuk ondo iraun dezakete, behar bezala zainduz gero.

 

Krisantemoen jatorria

Krisantemoa Asia ekialdekoa da, batez ere Txinakoa, eta han duela 2.500 urte baino gehiago landatzen da. Antzinako txinatarrek lore sakratu gisa hartzen zuten, bizitza-luzerarekin eta jakinduriarekin lotuta. Txinatik Japonian sartu zuten, eta familia inperialaren ikur bihurtu zen. Berez, Japoniako enperadorearen tronua “Krisantemoaren Tronua” izenez ezaguna da.

Europara XVI. mendean iritsi zen, eta laster lorategietan eta apaingarri moduan oso ezagun egin zen. Gaur egun, munduan gehien landatzen den loreetako bat da.

 

Krisantemoei buruzko bitxikeriak

  • Japoniako nazio-lorea:  Krisantemoa oso garrantzitsua da Japonian eta herrialdeko nazio-lorea da. Gainera, enperadorearen ikurra 16 petaloko krisantemo baten irudi estilizatua da.  
  • Kultura-sinbolismoa: Txinan eta Japonian krisantemoak bizitza-luzera, ohorea eta poza adierazten ditu. Hala ere, Europako herrialde askotan doluarekin eta heriotzarekin lotzen da, eta horregatik Santu Guztien Egunean erabiltzen da. 
  • Lore sendagarria: Txinako medikuntza tradizionalean, krisantemoa infusioetan erabiltzen da buruko mina arintzeko, ikusmen-arazoak hobetzeko eta sukarra jaisteko.

 

Krisantemoen landaketa

Krisantemoak zaintzea nahiko erraza da, eta horregatik aukera bikaina dira bai lorazain hasiberrientzat, bai esperientziadunentzat. Hona hemen oinarrizko aholku batzuk:

  • Lurra eta kokapena: Lur ongi drainatua, materia organikoan aberatsa eta pixka bat azidoa nahiago dute. Eguzki-argia zuzenean jasotzen duten lekuetan landatzea komeni da, gutxienez egunean 6 orduz eguzkiak jotzeko loraldirik onena lortzeko.
  • Ureztapena: Ureztapen ertain baina jarraitua behar dute. Ura pilatzea saihestu behar da, bestela sustraiak usteldu daitezke. Goizean ureztatzea gomendatzen da, gaueko hezetasun gehiegia ekiditeko.
  • Inausketak eta zaintzak: Hazkuntza eta loraldia sustatzeko, komeni da udaberriaren hasieran inausketa egitea, adar lehor edo kaltetutakoak kenduta. Udan, gomendagarria da zurtoinen puntei atximur egitea, hazkuntza trinkoagoa eta lore gehiago lortzeko.
  • Ongarritzea: Hazkuntza garaian (udaberrian eta udan) orekatutako eta askapen moteleko ongarria aplikatzea lagungarria da, krisantemoak osasuntsu eta loratsu mantentzeko.
  • Neguko babesa: Hotzarekiko nahiko erresistenteak diren arren, negua oso gogorra den lekuetan, komeni da landarearen oinarria lastoz edo ongarri geruza batez estaltzea, sustraiak izoztu ez daitezen.

 

Krisantemoak loreontzian zaintzeko oinarrizko aholkuak

Krisantemoak loreontzian landatzea nahiago baduzu, ziurtatu drainatze ona duten ontziak erabiltzen dituzula. Eguzki-argia jasotzen duen leku batean jarri, baina haize gehiegitik babestu. Loraldian, lore zimelduak kendu behar dira, lore berriak agertzea sustatzeko eta landarearen bizitza luzatzeko.

 

Krisantemoak Santu Guztien Egunean

Santu Guztien Egunean, azaroaren 1ean, ohituraz krisantemoak erabiltzen dira hilobi eta hilerriak apaintzeko, batez ere Espainia, Frantzia eta Europako beste leku batzuetan. Ohitura honen arrazoia da krisantemoak udazkenean loratzen direla, eta horrek lore ezin hobea bihurtzen ditu jadanik ez dauden maiteak oroitzeko.

Gainera, krisantemoak betierekotasunaren sinbolo dira, eta horrek hileta eta oroitzapen erritualetan duten erabilera indartzen du. Europako hainbat herrialdetan, errespetuzko keinutzat jotzen da lore hauek hilerrietara eramatea, edertasunagatik ez ezik, iraunkortasunagatik ere. Izan ere, hainbat egunetan fresko mantendu daitezke.

 

 

Itzuli