Txakurrekin kirola egiteko ikastaroa Kimubat Gardenen

Txakurrekin egin daitezkeen kirolei buruzko ikastaroa gauzatuko da Kimubat Gardenen urtarrilaren 11n, goizeko 10:00etatik 12:00etara bitartean. Gaian espezializatutako bi profesionalek jorratu daitezkeen kirolen aurkezpena egingo dute, eta jarduera bakoitzera egokien moldatzen arrazen berri emango dute. Horrez gain, praktika horiek burutzeko beharrezkoak diren materialen azalpena ere egingo dute, eta txakurrekin kirola egiten hasteko aholkuak emango dituzte, besteak beste. 

Aurkeztuko dituzten kirol moten artean patinetearekin egindako ‘mushing’-a edota ‘bikejoring’-a daude, adibidez. Lerarekin elurretan egiten den mushinga bezalakoak dira jarduera horiek, baina edozein azaleratan egin daitezke. Txakurrak modu seguruan doaz lotuta patinetera lehenengo kasuan, eta bizikletara, bigarrenean. Bestalde, txakurkrosaz ere hitz egingo dute Kimubateko adituek. Kirol hori geroz eta ezagunagoa da gure gizartean eta txakurra gerrian lotuta eramanda korrika egitera ateratzean datza. 


Ikastaroak 10€ko prezioa izango du, eta izena eman nahi dutenek kimubat@kimubat.eus helbidera idatzi edo 943 150 085 zenbakira deitu beharko dute.

Hurrengo ikastaroak


Era berean, Kimubat Gardenek animalien heziketarekin loturiko 2020 urteko tailer berrien datak iragarri ditu: otsailaren 8an, txakur nagusien betebehar eta eskubideak izango dira mintzagai; martxoaren 7an, aldiz, txakur eta umeen arteko harremana jorratuko dute, eta apirilaren 4an jarrera desegokiak zuzentzeko jarraibideak eskainiko dituzte. 


Maiatzaren 9an, txakurren jarrera erasokorren aurrean, istripuak ekiditearren, zer nolako jarrera landu beharko litzatekeen ikasiko dute bertaratuek, eta heziketa eta obedientzia lantzeko ariketa praktikoak proposatuko dira ekainaren 13 eta 14an.

Itzuli