Txakurren heziketarekin loturiko doako hitzaldia eta ikastaroa izango dira datorren asteburuan Azpeitian
Txakurren heziketarekin loturiko hitzaldia eta ikastaroa izango dira datorren asteburuan Kimubat Gardenen, Azpeitian. Azaroaren 15ean, ostirala, txakurrekin egiten diren esku-hartzeetan aditua den Leire Olaizola lanerako hezten diren animaliei buruz mintzatutako da, eta arlo ezberdinetan betetzen dituzten funtzioen berri emango du.
Biak Bat elkarteko kideak txakurren laguntzarekin eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko xedez gauzatzen diren ekintzen berri emango du. Izan ere, animalia hauek onura handiak dakartzate eremu ezberdinetan; esaterako, behar bereziak dituzten haur, gazte eta helduekin egiten diren esku-hartzeetan. Terapian, hezkuntzan eta aisialdian gauzatzen diren ekintzen azalpena egingo du Olaizolak, eta helburu horietarako entrenatzen diren txakurren ezaugarriak ere ezagutaraziko ditu. Hitzaldia arratsaldeko 17:30etik aurrera egingo da, eta interesa dutenek doan izen emateko aukera izango dute kimubat@kimubat.eus emailera idatziz edota 943 15 00 85 telefonora deituz.
Hilaren 16an eta 17an, berriz, Asier Aranbarri eta Iñaki Mantzisidor txakur entrenatzaileen txanda izango da. Ikastaro praktikoa izango da, bi saiotakoa, eta txakurrekin bertaratzeko gonbita luzatzen zaie herritarrei, animaliak hezteko eta obedientzia lantzeko gakoak irakatsiko baitituzte. Larunbat eta igandean goizeko 10:00etan hasiko den ikastaro hau ere doan izango da, eta aldez aurretik izen ematea komeni da.
Gainera, hiru egunotan bertaratzen diren guztiek %10eko deskontua aprobetxatu ahal izango dute animalientzako produktu guztietan. Izan ere, animalien garbiketarako espazio berria sortu du Kimubatek eta eskaintza bereziak izango dira zerbitzu berria ezagutarazteko. Zehazki, asteburuan zehar gerturatzen diren lehen zortzi txakurrek garbiketa dohainik izango dute.
Hurrengo ikastaroak
Datorren urterako formakuntza agenda lantzen ari da Kimubat Garden, eta jada, animalien heziketarekin loturiko tailer berriak iragarri ditu. Urtarrilaren 11n txakurrekin egin daitezkeen kirolei buruzko hitzaldia izango da; otsailaren 8an, txakur nagusien betebehar eta eskubideak izango dira mintzagai; martxoaren 7an, aldiz, txakur eta umeen arteko harremana jorratuko dute, eta apirilaren 4an jarrera desegokiak zuzentzeko jarraibideak eskainiko dituzte.
Maiatzaren 9an, txakurren jarrera erasokorren aurrean, istripuak ekiditearren, zer nolako jarrera landu beharko litzatekeen ikasiko dute bertaratuek, eta heziketa eta obedientzia lantzeko ariketa praktikoak proposatuko dira ekainaren 13 eta 14an.
Animaliak hezteko tailer praktikoak eskainiko dira eta txakurrekin hezkuntza, terapia eta aisialdi arloetan egiten diren esku-hartzeei buruz ikasteko aukera egongo da