Hiri Parke Inklusibo Onenaren saria jaso du Kimubatek Zumaiako Herri Eskolan sortutako jolasguneak
Cluergal-ek, Galiziako Energia Berriztagarrien Klusterrak, Kimubatek Zumaiako Herri Eskolako Aita Mari eraikinean sortutako jolas eremu naturala saritu du. Proiektuaren ideia hezkuntza-komunitatearen barruan jaio zen, ikastetxeko patioa espazio hezigarri batean bihurtu nahi zutelako, haurren arteko harreman- eta jolas-modu berriak bultzatzeko.
Eskolako zuzendari Antxon Etxeberriak adierazi du birmoldaketa horrek patioaren ikuspegi pedagogikoa aldatzea ahalbidetu duela. Hain zuzen, joko-dinamika inklusiboagoak sortu direla egiaztatu ahal izan dute, baita genero-ikuspegitik ere.
Kimubat Paisaiako Iban Simonek azaldu duenez, parkeak eremu oso desberdinak ditu, baina elkarrekin lotuta daude. "Gune batzuk jolas fisikorako dira, eta beste batzuk atsedenerako eta jolas sinbolikorako. Gure helburua da espazioa bera izatea jolasa bultzatzen duena, eta ez elementuak".
Galiziako erakundeak Hiri Parkeen Lehiaketa egin du bigarrengoz Santiagon gauzatutako Simposium Urban Solutions egitasmoaren barruan, eta Kimubateko ordezkariek sari-banaketa ekitaldian parte hartu dute gaur, urriak 5. Sektoreko profesionalek egindako hiri-parkeen kontzeptua, diseinua, eraikuntza, egiaztapena, erabilera eta mantentze-lana aintzat hartzea da lehiaketa honen helburua. Guztira bost sari eman dituzte eta hiri-parke inklusibo onenaren atalean Aita Mariko "birnaturalizazio pedagogiko eta inklusiboa" nabarmendu dute.
Hain justu, proiektuaren "diseinua, ingurunearekiko harmonia, irisgarritasuna, erabileraren segurtasuna, originaltasuna eta berrikuntza, jasangarritasuna, baita elementu bereziak erabiltzea eta horiek landaredia gisa integratzea ere” azpimarratu dituzte.
Hezkuntza-komunitatetik sortutako proiektua
Zumaiako Herri Eskolako parke naturalak bi gune nagusi ditu, eta material naturalekin osatuta daude biak: zura, soropila eta hondarra, besteak beste. Proiektuaren ideia 2017an sortu zen, eta gurasoek, Udalak, ikastetxeko zuzendaritzak eta irakasleek parte hartu zuten, Kimubateko talde teknikoarekin batera. Plana hezkuntza-komunitateak emandako irizpideen arabera idatzi zen, eraikuntza-lanak Kimubatek hartu zituen bere gain eta obraren zuzendaritza udal teknikarien ardurapean egon zen. Lanak 2020ko urtarrilean hasi eta urtebete geroago amaitu ziren.
Iban Simon, Kimubat Paisaia: "Gune batzuk jolas fisikorako dira, eta beste batzuk atsedenerako eta jolas sinbolikorako. Gure helburua da espazioa bera izatea jolasa bultzatzen duena, eta ez elementuak"