Kimubat Paisaiak Aktibatu 2020 jardunaldian parte hartuko du
Kimubat Paisaiak natura-turismoaren eta iraunkortasunaren inguruko Aktibatu 2020 jardunaldian parte hartuko du. Ekimena Tolosako Topic-ean izango da otsailaren 13an, osteguna, eta Iker Goikoetxea paisajistak ‘Aisialdi guneen kontzeptua eta bilakaera natura-turismoaren testuinguruan’ hitzaldia emango du 12:30etik aurrera.
Goikoetxeak abentura turismoarekin, natur gune babestuekin edota ekoturismoarekin erlazionatutako gaiak jorratuko ditu, izan ere, azken urteotan indarra hartzen ari dira bidaiatzeko modu horiek. Espazio horiek nola ulertu, zer garrantzia duten eta ingurunearen interpretazioan zer nolako eragina duten azalduko die Goikoetxeak bertaratuei.
Zer da Aktibatu 2020?
Bizibiziki aholkularitza-enpresak antolatu duen Aktibatu 2020 turismoaren sektoreko eragileei zuzendutako jardunaldia da. Natura-turismoaren eta iraunkortasunaren inguruko topagune eta hausnarketa-gunea da. Parte hartu nahi duten pertsonek ekimenaren web orriaren bidez eman dezakete izena (www.aktibatu.eus).