Ur zikinak arazteko sistema berritzaile, natural eta eraginkorra

Ur zikinak arazteko sistema berritzailea sortu dugu Kimubat-en, jasangarria, ekologikoa, ekonomikoa eta mantenu baxukoa. Egun martxan dagoen prototipo-sareak emaitza positiboak eskaintzen dizkigu, eta sistema hedatzeko lanetan gabiltza, fosa septikoen alternatiba eraginkor eta garbi hau ahalik eta gune gehiagotan ezartzeko. 

HEZEGUNE ARTIFIZIALAK

Hezegune artifizialek ur arazketaren prozesu naturala imitatzen dute eta ur zikinak modu kontrolatuan eta kontzentratuan garbitzeko balio dute. Sistema horiek landare makrofiten laborantzan oinarritzen dira eta, normalean, hondo gutxiko urmael edo ubidetan ezartzen dira. Efluenteak (hezegunera sartzen den ura) hezegune artifiziala zeharkatzen du eta, ondoren, isuri edo berrerabiltzeko bil daiteke. Zeharkatze denbora horretan zehar, hainbat prozesu fisiko-kimiko eta bakteriologiko (biologiko) gertatzen dira substratuan metatzen den materia organikoaren, landareen eta mikroorganismoen artean.

Hezegune artifizialaren abantailak:
 

  • Garbitzeko errazak
  • Mantentze-lan eskasa 
  • Energia iturririk gabe funtziona dezakete, uraren ibilbidea grabitatearen indarrarekin bideratuz
  • Erraz handitu daitezke
  • Bioaniztasuna sustatzen dute
  • Ez dute hondakinik sortzen

K1 SISTEMA

Mota ezberdinetako hezegune artifizialak daude, ura mugitzeko moduaren arabera: lurrazaleko fluxua dutenak, lur azpiko fluxua dutenak, fluxu bertikalekoak, fluxu horizontalekoak, eta abar.
 
Lur azpiko fluxudun hezegune bertikala izan da gure aukera, kantauriar isurialdeko erliebe malkartsua kontuan hartuz, azalera-errendimendu ratio maximoa ematen digulako.
 
Nahiz eta normalean urek hezegunera iritsi aurretik tratamendua jasotzen duten, K1 sistemaren kasuan ur arazketa-prozesu osoa hezeguneak burutzen du. Horretarako, diseinu parametro batzuk kontuan hartu behar dira: deskarga kontrolatuak; isurketa emari kontrolatua; dimentsionamendu egokia; geruza ezberdinen bidezko filtrazioa, fase bakarrekoa edo bi fasetakoa; hezeguneen txandakatzea, eta abar.
 
Egun, eskala errealean egindako 4 prototipok osatzen dute K1 sarea. Kimu Bat Gardeneko instalakuntzetan dago bat, Karabeleko ekonekazaritza etxaldean dago bestea, Hernanin; Xoxoteko Aterpetxean kokatzen da hirugarrena, Azpeitiko udalak sustatuta; eta Otarre jatetxean dago azkena, Azkoitiko Udalak sustatuta.
 
Hondakinak sortzea ekiditen duen sistema honekin gizarte-sentsibilizazioa landu nahi dugu, hobi septikoen alternatiba naturalak bultzatzeko asmoz.

K1 SISTEMAREN EMAITZAK

Egiaztatuta dago landareetan oinarritutako teknologia honek hobi septiko batek baino arazte maila altuagoak lortzen dituela. 
 
Prototipo sare hau martxan jarri zenetik, jarraipena egin diogu, laginak hartuz eta laborategira bidaliz hainbat parametro kontrolatzeko.
 
K1 sistemara heltzen diren urak solido lodiak izaten ditu. Ura hezegunera iristean, bertako mikroorganismoek, bide desberdinak erabiliz, konposatu kimikoak zein materia organikoa degradatu egiten dituzte konposatu sinple eta osasunerako kaltegarriak ez direnak lortu arte. Ura geruza desberdinetan zehar filtratzen da, eta bidean partikula gehiago galtzen ditu. Azkenik, emaitzetan ikusi denez, irteten den ura askoz garbiagoa da; hau da, materia organikoaren eta konposatu kimikoen kontzentrazioa murriztu egiten da nabarmen.
 
Orain arte jasotako emaitzei erreparatuz, ondorio positiboak atera ditugu, eta prototipo sare honetan aurreikusitako emaitzak lortzen ari gara. Gainera, ingurunera ondo egokitu dira, estetikoki naturarekin bat egin eta, aldi berean, bioaniztasuna zaintzen laguntzen baitute.
 
Egindako analisien emaitzetatik ateratako errendimendu datuak ondorengoak dira:

K1 sistema

Itzuli