Ur zikinak arazteko sistema eraginkorragoa garatzen ari gara: K2 sistema

Kimubat enpresako berrikuntza-taldeak orain arte garatutako hezegune artifizialen teknologian sakontzeko helburua du. 

Naturaren eta landarediaren ikuspegitik, gizarte-arazoei irtenbide berriak eta jasangarriak eskaintzea da gure asmoa. Ildo horretatik, aurten, etxebizitzen eta eraikinen ur zikinak bertan arazteko 'K1 sistema' hedatzeari ekin diogu. Hezegune artifizialetan oinarrituriko sistema honek ur zikin mota ezberdinak tratatzeko aukera eskaintzen du, eta urte bukaerarako tipologia ezberdineko sei instalakuntza izango ditugu. 

Berriki Europan adosturiko araudiaren ezarpenak asko zailduko du abeltzaintza-etxaldeetan sortzen diren animalia jatorriko purinen kudeaketa, egun dugun kudeaketarekin alderatuz; hau da, purina ezingo da mangera edo plater banatzaile bidez terrenoan aplikatu. K2 sistema honen bidez, hondakin horien aplikazioa erraztuko duen sistema garatu nahi dugu. 

Purinen arazoari aurre egiteko,  pausu bakar batean purinak deshidratatzen dituen eta ur zikinak arazten dituen sistema garatzen ari gara. Hezegune artifizialetan oinarritutako prototipoaren bertsio berrituak, K2 sistemak, araztutako ura mangera edo plater banatzaile bidez lursailean banatu ahal izango da. Lehenik, hezegune artifizial horren diseinu estandarra zehaztu beharko dugu, bere dimentsioa, substratua, sistema eta landareen eragina zein izango den aztertuta. Bigarrenik, sistema honen bidez lortzen ditugun datuak gure ur laborategian behatu eta balioztatuko ditugu hilabete batzuen epean.

Itzuli