Orokieta Herri Eskola, Zarautz
Orokietako Herri Eskolako Haur Hezkuntzako kanpo espazioaren proiektua duela hainbat urte landu genuen bertako komunitatearekin elkarlanean, eta aurten gauzatu dugu. Espazioaren diseinua Zarauzko marismetan sortzen diren formetan inspiratuta dago, eta bi gune nagusi ditu. Alde batean, mugimendua sustatzeko zona dago: kolunpioak eta txirristak ditu, propiozepzioa eta psikomotrizitatea lantzeko. Bestetik, esploraziorako eta lasaitasunerako espazioa dago, joko sinbolikorako eta ezkutaketarako etxetxo eta elementuekin. Bertan, urarekin eta hondarrarekin jolasteko mahaiak ere badaude. Helburua: esplorazioa, kuriositatea eta talde-lana sustatzea.
Gainera, antzoki txiki bat ere badu patioak, baita belar artifizialarekin egindako gune malgua ere. Horrela, lehen asfaltozkoa zen patioa ingurune natural bihurtu dugu, egurra, harea, pinu-azala eta harri xeheak bezalako materialak erabiliz.