Nadiz-tar kaleko parkea
Bermeoko Nardiz-Tar kalean publikoari irekitako erabilera anitzeko espazio berria dute herritarrek. Jabetza pribatuko lursaila da jatorriz, baina Udala akordio batera iritsi da jabeekin denbora batez erabilera publikoa eman ahal izateko guneari. Hori dela eta, proiektu desmuntagarria sortzeko eskatu ziguten, eta mantenu errazekoa.
Sasiek erabat janda zegoen orubea plaza, jolasgune eta antzoki txiki moduan antolatu dugu. Itsasontzi pirata batean inspiratutako egitura sortu dugu, karibear oasi batez inguraturik, Bermeoko marinel izaerari keinua egin asmoz. Haurrentzako txirrista eta mailakatutako tarima ezarri ditugu, baita palmondoak eta pareta zaharrak janzteko landare igokariak ere. Lan honen emaitza espazio ireki eta argitasun handikoa da, kolore argiko materialak erabili baititugu gune atsegina sortzeko. Egonaldia egiteko, jolasteko nahiz ekitaldi txikiak gauzatzeko leku aproposa da.