Bermeoko Andra Mari lorategia
Bermeoko Udalak alde zaharreko gune publikoak herritarren erabilerarako egokitu nahian aurrera daraman proiektu sare baten barne dago Beruala azpiko lorategia. Berdegune soila zen espazio linealari erabilgarritasuna eman diogu bi esparru nagusitan banatuz: atseden eta egonaldirako gunea sortu dugu, batetik, eta adineko pertsonek ariketa fisikoa egiteko gailuak ezarri ditugu, bestetik.
Proiektuaren helburua espazioa zabaltzea eta argitasuna ematea zen, baita erdi itzaletan dagoen gune honetan ondo mantenduko diren landare apaingarriak landatzea ere. Iparraldeko eremuan, ekialdera begira, landare usaintsu eta gogorrak jarri ditugu: izpilikua, erromeroa, larrosak… eta ekialdeko aldean, iparraldera begira, berriz, agapanthusak eta paniculata motako hortentsiak jarri ditugu. Gainera, egurrez osatutako eserlekuak, jardinerak eta harrizko bidetxoa sortu ditugu.