Udan igeri, neguan lorategi

Igerileku naturalak, bere horretan, Austrian asmatu zituzten. Aspertuak zeuden betiko igerilekuak urtean hilabete batzuetan bakarrik erabiltzeaz, eta gero, urtean zehar, erakargarritasun handirik ez izateaz; eta, gainera, mantentze-lanak egin beharraz. Horregatik guztiagatik, bizi garen lurraldean, ohiko igerilekuen ordezko ezin hobeak dira igerileku naturalak. Horrela, ur-lamina erakargarri bat izan ahalko dugu urte osoan, eta eguraldiak horretarako aukera ematen digunean, bertan bainatu ahal izango gara, gehigarri kimikorik gabe. Horrez gain, gure lorategira fauna mesedegarria (txoriak, sorgin-orratzak…) erakarriko duen elementu bat da igerilekua, eta gure aisialdi-gune horri plus ekologikoa ematen dio.

Igerileku naturala fitoarazketan oinarritzen da: uretako landareek azkartu egiten dute mikroorganismo onurragarrien hazkundea, eta horiek oxigenatu eta garbitu egiten dute ura, deskonposatu egiten baitituzte hondakin organiko guztiak, eta horiek elikagai bihurtzen dira berriro landareentzat. Aldi berean, hartxintxarrak iragazki natural moduan jokatzen du, suspentsioan dauden partikulei eutsiz. Prozesu natural hau, normalean, inpultsio-zirkuitu batekin eta iragazte-zirkuitu batekin jarri ohi da.

Kontuan izan behar da ohiko igerileku kimiko bat igerileku natural bihur daitekeela, honek dakartzan onura guztiekin. Nahikoa izango litzateke arazketa gune bat jartzearekin, ontzian bertan edo kanpoan jar daitekeena, arazketa-sistema kenduz eta horren ordez iragazte- sistema bat jarriz.