Doako tailer berria Errenterian: Udazkeneko elikadura, gure ongizatea bermatuz

Udazkeneko elikadurari buruzko ikastaroa izango dugu, Errenteriako Reina Aretoan (Xenpelar Kalea, 3). Tailerra datorren irailaren 24an izango da, 11:00etatik 13:00etara. Saioa Amaia Diaz de Monasterioguren eta Amaia Aierbe nutrizionistek zuzenduko dute eta elikadura-plan orekatua lantzen erakutsiko diete parte-hartzaileei, familia osoarentzat egokia eta garaiko produktuekin egina.

Pertsonen elikadura-beharrak aldatzen doaz eta norbanako bezala ere behar desberdinak ditugu. Gorputzak, gabezia desberdinak ditu sasoiaren arabera, egunero dugun dietaren arabera. Askotan, batzuentzako onuragarriak diren elikagaiak kaltegarriak izan daitezke beste batzuentzako. Hortaz, onuragarriak edo kaltegarriak zaizkigun produktuak identifikatzen lagunduko diete hizlariek tailerrean parte hartzen dutenei.  

Aldi berean, naturak eskaintzen dizkigun garaiko elikagaiak ezagutzen eta hauei etekina ateratzen ikasiko dute bertaratzen direnek. Beste zenbait erremintekin batera, bakoitzaren beharretatik elikadura orekatu bat eraman ahal izateko ezagutzak landuko dira, gure ongizatea osotzeko gako gisa. 

Tailerra doakoa izango da eta sarrera librea da. Animatu parte hartzera!

Itzuli